gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 2, astelehena
Pio Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > PIO BAROJA, GAUR ERE
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*
JesÚs M. Lasagabaster

Itzuli

IntroducciÓn






Idazlan honen titulua bera gertatuko zaio ulergaitz norbaiti lehenengo begiratu batean: Baroja erdal nobelari izan delarik, zernolako loturarik jar genezake haren eta euskal nobelaren artean?

Nolanahi ere, harreman horiek ezartzekotan, Barojaren garaiko euskal nobelarekin ezarri behar omen lirateke. Izan ere, zerikusirik izan al dezake Barojaren nobelarekin oraindik idatzi gabe dagoen inoizko euskal nobelak, hots: euskal literaturaren mundu lehor eta urri honetan orain mugitzen garenok, irakurle nahiz kritikalari, nahiz eta ere idazleok, susmatzen, desiratzen eta amesten dugun nobelak, hain zuzen?

Hala eta guztiz, Barojaren nobelagintza izan zenaren eta euskal nobela izango denaren arteko harremanen bat agirian jarri nahi nuke azterketa honetan, kronologiaren logika eta bearkuntzak gaindituz, irudipenez bakarrik bada ere, eta euskal nobelaren gerorako bide zabal eta nolabaiteko berri bat irekitzeko asmoz eta guraz.

Gure lan honen ondorioak aurreratuz, honako tesi nagusi hau formulatuko dut, hasiera batean, nere azterketaren norabide eta esanahia laburki azalduz:

Barojaganatu egin behar du euskal nobelak, bere desarroilorako bide bizi eta zabal bat finkatu nahi baldin badu, bai euskal literaturaren gainerako mota edo testu-tipoen artean, bai eta euskal irakurlegoaren kultur-ohituretan eta irakukr-jardunbidean ere.

“Barojaganatu” diogu, hots: Barojarengana joan, eta ez itzuli, “barojiano” inoiz izan ez delarik euskal nobela, lehenbiziko Txillardegiren alde batzuk izan ezik. Leturia edo Peru Leartzakorengan topatzen ditugun izatearen hezur-mamirainoko bizi-minak eta etsipenak, Barojaren zenbait pertsonaiaren kutsu erromantiko eta aldi berean existentziala gogoratzen digute nonbait, Andrés Hurtado baten edo Fernando Ossorio baten leinu-aztarrenak bait daramatzate bere zainetan Txillardegik asmatutako –asmatu, benetan?- pertsonaia urduri eta problematiko horiek.

Nolanahi ere, gure artean azkeneko hamarraldiotan desarroilatu den euskal nobelak ez omen du zerikusi handirik Barojak utzitako nobela-testamentuarekin, ez nobelari buruzko haren ideia teorikoekin, ez eta haren nobelagintzan azaltzen zaizkigun nobela-bide eta unibertsoekin ere.

Honako honetan ere, hainbestetan bezalaxe, kanpora, urrutira jo dugu –aipa dezagun, esaterako, Hego-Ameriketako errealismo “majikoa” edo Frantziako “nouveau roman” delakoa- gure nobelagintzarako oinarri moderno eta aurkezgarri bila, etxekoa baztertuz. Eta, beharbada, etxekoa delakoxe baztertu dugu, ez aldrebesa, txarra edo gainditua nahiz zaharkitua delako, nere ustez.

Baina, ausar gaitezen galdetzen: etxekoa al da bere lan guztiak erdaraz egin dituen idazlea, nahiz Euskal Herrian jaio eta bizi, Euskal Herriaz idatzi, Euskal Herria maite izan, bere moduz, jakina? Eta nik galdetzen dut: nork ez du Euskal Herria bere moduz maitatzen? Bestalde, ez naiz ni ausartuko Euskal Herria euskaraz bakarrik maite daitekeela esaten.

Gure Barojaren kasuan biotako batek, hots, Euskal Herrian jaio izanak edota erdaraz idatzi izanak, izan behar du inola ere erru, pentsatuko dute apika gure nortasun-ortodoxiaren aingeru zaindariek. Orain garbi dago ez duela, noski, errua Euskal Herrian jaio izanak, ez bait dago gure eskuetan hemen ala hor ikustea mundu pikaro honen lehen argia. Orduan, logikaz, erdaraz idatzi izanean datza Barojaren aberriaren aurkako bekatuaren edo erruaren sustraia.

Besteak beste, bere bekatuan darama Barojak zigorra. Europako haize berri eta aurrerakoietara ireki ditu alderik alde bere leihoak euskal nobelagintzak, gaurkotasunaren janzki apain eta modernoa janztea erabaki duenean, Barojaren obrari Espainar kiratsen bat omen dariolako edo. Izan ere, aurreko mendeari dagokio Barojaren nobela –98ko belaunaldiari, hain zuzen-, edota mende honen lehen erdiari. Bi milagarren urtearen mugaldea ia eskuz ukitu ari den nobelak ez omen du bere begiratua atzerantz zuzendu behar.

Beraz, Barojaren garaiko euskal idazleak ziren Barojaren nobelagintzara jo behar zuketenak. Nola, ordea, har zezaketen garai hartako nobelariek maisu edo eredutzat horren heterodoxo eta itxura-ausle agertzen zen idazlea? “Barojiano” –izpi bat ere ez duen pertsonaiaren bat aipatzekotan, Txomin Agirreren Garoa nobelan azaltzen den Joanes artzain dohatsua aipatu beharko genuke, zalantzarik gabe.

Suerte txarra izan omen du gure Barojak euskal nobelarekiko harremanotan. Bere garaian, heterodoxoegi gertatzen zitzaien Baroja gure nobelagile jainkotiar eta elizkoi haiei. Eta heterodoxi mamu ikaragarriaren beldurra gaindituz gero, ez omen da Baroja euskal nobelaren eraberritzea argitu eta bideratzeko bezain moderno.

Horiek horrela direla, hona hemen nire gaurko hitzaldi hau, gauzak bere tokian jarri nahirik, Barojarena Barojari, eta euskal nobelarena euskal nobelari eman nahirik. Gehiegizko ausardia eta atrebentzia galanta, noski, gure praktika literarioan arbola urri eta zurbilek literatur abentura aberatsago baten baso zabal eta ugaria ikustea eragozten didateneko aldiotan.

Ez naiz ni inola ere gauza, hemendi “ex catedra” bezalako definizio ozen eta borobila botatzeko, ez literaturaz, ez euskal nobelaz.

Euskal literaturaren azterketaz arduratzen naizenez gero, eta gure etorkizun literarioak kezkaturik, ez nuke etxean bertan dugun idazle handi baten irakaskuntzak erakutsi eta azaltzea besterik nahi. Inoiz inoren maisu izaten ausartu ez zen Baroja horrek barka diezadala maisutzaren gailurreraino jaso nahi hau.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net