gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 2, astelehena
Pio Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > PIO BAROJA, GAUR ERE
PÍO BAROJAREN BIOGRAFIA


"Zintzoa zen, bere buruarekiko leiala, fikzioa eta itxurakeria higuin zituen: horra haren arimaren, artearen eta bizitzaren ardatza eta motorea"

JOSÉ ORTEGA Y GASSET
(Pío Barojari buruzko ideiak)

*****

"Une honetan norbait etorriko balitz berton gaudenetarik aurpegi gizatiarrena duenari mezu bat emateko aginduarekin, batere zalantzarik gabe Barojari emango lioke"

ANTONIO MACHADO (París, 1899)

*****

"Etika-egarri bizia dut; berezkoa, nik uste"

PÍO BAROJA (1914)

Pio Baroja

Pío Baroja euskal herritar nobelagilea Donostiako Okendo kalean jaio zen 1872ko abenduaren 28an eta Madrilen hil zen 1956ko urriaren 30ean. Betidanik, eta bereziki, 1912an Bidasoako nafar eskualdean "Itzea" famili etxea eskuratu zuenez geroztik, Don Pío bere Euskal herriari oso lotua bizi izan zen, eta bere jarrera, munduaren gaineko begirada, eta bere-berea zuen historiaren zentzua, oso loturik daude herri horren paisaia, memoria eta pentsamoldearekin. Baroja intelektualaren eta gizonaren bizitzako ibilbidean, inondik ere bere garaiaren adierazgarri den horretan, azpimarratzekoak ditugu, alde batetik, independentea, ezkortasuna eta eszeptizismoa, eta, bestetik, haren narrazio obra berezia, osotasunean hartuta gure mendeko literaturako begirada benetako eta hunkigarrienetariko bat dela esan daitekeena.

Hiri batean baino gehiagotan bizi izan zen arren (Madrilen, Iruñean, Valentzian) beti izan zion jaidura berezia Donostiari; ez, halere, hango gizon publikoen jokabideei. Itsaso ondoan jaio izana askatasunaren seinale iruditzen zitzaion. Behin, 1935eko abenduaren 15ean Udal Museora (gaur San Telmo Museoa) joan zenean, Victorio Macho eskultoreak kolegiatarako berari egindako busto bat inauguratzera, honako hitzok esan zituen: "Nire oroipena ezkutatzen bada, eta bustoak hor irauten badu, pozik nengoke, ahal balitz, etorkizunean begiratzen dion jendeak jakin baleza irudi horren eredu izandako gizona egiaren zale amorratua, hipokrisiaren eta gezurraren gorrotatzailea, eta, bere denboran besterik bazioten ere, bere herria bihotzetik maite zuen euskalduna zela".

Pío Baroja Serafín Baroja Zornozaren semea zen. Aita, meatze-ingeniaria eta kultur gizona zen, Donostiako literatur bizitzan parte hartu zuena, izan ere liburuak eta bertsoak argitaratu zituen eta egunkari liberaletan gerrako kronikari izan zen. Ama Carmen Nessi Goñi zen, familian aurreko italiarrak zituena. Pioz gain, beste hiru seme-alaba ere izan zituen: Darío, 1894an hildakoa, Ricardo, pintore eta idazlea, eta Carmen, hau ere idazlea eta sentsibilitate handiko emakumea, Rafael Caro Raggiorekin ezkondua. Rafael Caro izango zen Barojaren obren argitaratzaile nagusia.

Pio Baroja, Familia

Barojak bere aitona Pio Barojarengandik hartu zuen izena. Aitonaren aita, Rafael, Gipuzkoako Oiartzungo farmaziako kudeatzailea izan zen. Rafaelek, nobelagilearen birraitonak,  "La Papeleta de Oyarzun" aldizkaria eta Napoleonen aurkako gerra denboran, beste idatzi eta inprimaki batzuk argitaratu zituen. Geroago, aitonak  "El liberal guipuzcoano" aldizkaria argitaratuko zuen Donostian, 1820-1823an. Barojatarrek sasoi horretan argitaratu zituzten liburuen artean daukagu La Historia de la Revolución Francesa, Thiers-en hamabi liburukiko obra, Miñano abateak itzulitakoa. Rafael Barojaren semeek, Ignacio Ramonek eta Piok, inprimategiko negozioarekin jarraitu zuten eta Pioren seme bat, Ricardo, nobelagilearen osaba, Donostiako "El Urumea" aldizkariaren argitaratzaile eta factotuma izango zen hainbat urte beranduago. Ingurune horren eraginez, noski, Pio Barojak inprentarekin zerikusirik zeukaten gauza guztiekiko zaletasuna zuen, eta kultur giroan hazi zen.

1879an familia Madrilera joan zen bizitzera eta 1881ean Iruñera. Bost urte egin zituzten Iruñean, idazle gaztetxoaren prestakuntzan oso garrantzitsuak. Han jaio zen Carmen Baroja,  Julio eta Pio Caro Barojaren ama.  1886an, ostera Madrilen,  Las inquietudes de Shanti Andía (Xanti Andiaren kezkak) liburuaren egileak batxilerra bukatu zuen eta, hurrengo urtean, medikuntzako ikasketak hasi zituen Unibertsitate Zentralean. Bere familia Valentziara bizitzera joan zelarik, hango unibertsitatean amaitu zuen karrera 1891n, baina Madrilen doktoratu zen 1894an  minari buruzko tesi batekin :  El dolor: Estudio Psicofísico (Mina : Azterketa Psikofisikoa). Urte berean hartu zuen Zestoako mediku plaza. Zestoan urtebete besterik egin ez zuen arren, erabakiorra izan zen bere idazle bizitzan. Bizipen horietatik sortuko zen bere lehen liburua, Vidas sombrías (Bizi terraltsuak).

Sendagile esperientziaren ondoren Madrilera itzuli zen 1896an, bere izeba Juana Nessiren okindegiaz Ricardo anaiarekin batera arduratzeko. Aldi horretan idazten jarraitu zuen eta, Aventuras, inventos y mixtificaciones de Silvestre Paradox (1901) nobelan, honako hau ipini zuen protagonistaren ahoan  "Labartatarrak, hala zeritzek okin hauei- esan zion Silvestrek  Ramirezi, zain zeudela,- jende bitxi xamarra dituk; bata pintorea duk, bestea medikua. Okindegi hau zeukatek, hala moduz dabilena, ez bata ez bestea ez direlako etxeaz arduratzen. Pintoreak ez dik pintatzen; lagun batekin batera makinak asmatzen dizkik; medikuak, berriz, noizean behin misantropialdiak izaten dizkik eta, halakoetan ganbarara alde egiten dik, han itxita, bakarrik egoteko".

Pio Barojaren Karikatura

Sasoi horretan bete-betean literaturari lotzea erabaki zuen eta Madrilgo egunkari eta aldizkarietan idazten hasi zen. 1899an Parisera joan zen: han Machadotar anaiekin harremana izan zuen eta Oscar Wilde eta Reclus ezagutu zituen. 1900ean,  Vidas sombrías (Bizi terraltsuak), argitaratu zela  Azorín ezagutu zuen, eta geroztik bizi guztian adiskide izan ziren. Espainiako hainbat herri eta hiritan barrena ibili zen, Darío de Regoyos, Ramiro de Maeztu, Ciro Bayo Segurola, Paul Schmitz edo anaia Ricardo lagun zituela, eta bidaia horietako bizipenak narrazioetan ematen zituen sarri. 1902an omenaldi bat egin zioten Madrilen, eta bertan egon ziren Galdós, Maeztu, Valle-Inclán, Azorín eta Mariano de Cavia. Hor ageri da bere denborako idazleen artean zeukan itzala eta kultur bizitzan bere idazlanak hartzen ari ziren balio gero eta handiagoa. 1903an Tangerrera joan zen "El Globo" egunkariaren gerrako berriemaile izateko. 1906an berriz alde egin zuren Londresera eta Parisera eta, hurrengo urtean, Suitzan eta Italian egon zen. Italiara, amaren jatorrira, berriro itzuli zen hurrengo urtean.

Pío Barojari kezka berezia sortzen zioten faktore etnikoek, eta garrantzi handia ematen zien familiako aurrekari biologikoek izaera taxutzen duten eraginari. Ildo horretan, honako hau idatzi zuren: "Ni, neure aurrekoengatik, euskaldun eta lonbardiar nahasketa naiz: zazpi zortziren euskaldun eta zortziren bat lonbardiar.

"Ez dakit lonbardiar zati horrek (lonbardiarra jatorriz saxoia da, historialariek diotenez) eraginik izan ote duen nigan; baina zalantzarik gabe, euskaldun oinarriak eragina izan du, barne izpiritual, egonezin eta istilutsua eman baitit.

Nietzschek behin eta berriz azpimarratu du apolliniarraren (garden, argitsu, harmonikoaren) eta dionisiakoaren (ilun, suhar, nahasiaren) arteko desberdintasuna. Ni, nahita edo nahigabe, dionisiakoa naiz.

"Barne dionisiako horrek bultzatzen nau ekintzazale izatera, dinamismora, dramara. Joera istilutsuak ez dit begirale lasaia izaten uzten, eta, ez naizenez, oharkabean, gauzak desitxuratu egin behar izaten ditut, gauzez jabetu nahi batean, begiratzeko senaren kontrakoa den edukitzeko senak hartara eramanda.

"Istilurako eta ekintzarako joera horrekin batera -artean, jakina, Goyazale porrokatua izan behar dut eta, musikan, Beethovenzale-, etika egarri bizia dut; berezkoa, nik uste. Hortxe ageriko da, agian, lonbardiarra."

1911an, Eugenio Abiraneta, Barojatarren ahaideaz hitz egiten familiari entzun ondoren, haren historia aztertzen hasi eta hogeita bi aleko Memorias de un hombre de acción liburu saila izango zena idatzi zuen. 1912an, Beran erositako etxea berritzen ari zela, aita hil zitzaion. Barojak etengabe idazten jarraitu zuen eta bere koinat Rafael Caro Raggioren argitaletxean argitaratzen. Rafael Caro 1913an ezkondu zen Pioren arreba Carmeneken. Urte horretan  bertan idazlea Parisera joan zen eta han bazkaria eskaini zioten, Ignacio Zuloaga eta Vicente Blasco Ibáñez, besteak beste, tartean zirela. 1914an, Madrilen, Pio Barojaren iloba Julio Caro Baroja, antropologo eta etnografoa, jaio zen. Urte horietan zenbait hiritan (Bilbon, Bartzelonan, Donostian) hitzaldiak ematen, egunkarietan idazten eta bidaiak egiten jarraitu zuen. 1926an Europako beste hiru herrialdetara joan zen : Alemaniara, Herbeheretara eta Danimarkara.  1928an bere iloba Pio Caro Baroja, zinegilea, jaio zen eta, urte berean,  Zalacaín el aventurero nobela zinemara eraman zuten, nobelagileak berak eta bere anaia Ricardok paper bana egin zutelarik.

Marañon eta Baroja

Errepublika iritsi zenean, 1931n, Baroja managaitzak ez zuen berotasun handirik sentitu, bestela ere inolako antolakunde politikorengatik inoiz sentituko ez zuen bezala. Horrek bere lagun José Ortega y Gassetengandik urrundu egin zuen, hura Marañón eta Pérez de Ayalarekin batera. Errepublikaren Zerbitzurako Elkartearen bultzatzaile nagusia izan zelarik. Ostera, anarkismorako zaletasun erromantiko bat adierazi izan zuen Barojak, testu batzuetan ageri dena. Inork ez ditu adierazi, noski, Barojaren sentimentuak, idazleak berak honako hitz hauetan bezain ongi. "Beti izan naiz liberal erradikala, indibidualista eta anarkista. Lehenbizi, Elizaren etsai; gero, Estatuaren etsai; bi botere haundi horiek borrokan ari diren artean, Elizaren kontra Estatuaren aldeko; Estatua nagusi izaten denean, Estatuaren etsai"

Julio Caro Barojak argi eta garbi interpretatzen du Pio Barojaren jarrera hori: "Pertsonaren kontzientzian eragina izateko edo menperatzeko asmoz sortutako erakundeak gorroto zituen, edozein aldetakoak izakin ere; hala sozialisten ildokoak nola eskuin muturrekoak.Ezin zituen ikusi molde burokratikoetan antolatutako gizartean ongi kokatuta bizi diren pertsonak, eta, hala, anarkismoari zion begikotasuna bere izaeraren ezaugarri horretatik zetorkion. Ezinezkoa egiten zuen amets, alegia, pertsonaren merezimenduak bakarrik aitortuko lituzkeen gizartea. Eta horregatik, izaeraz liberala eta are anarkista ere izan arren, begirunez aitortzen zuen gizon handien handitasuna". pertsonaren eta indibidualismoaren defentsa hori behin eta berriz azaltzen da Barojaren literatur obrako pasarteetan, hala nola César o nada nobelan idatzitako hau: "Pertsonarena da errealitate bakarra Izadian eta bizitzan". Naturalismoaren defentsa horrek eraginda balio handia aitortzen zion Jose Migel Barandiaran apaiz eta etnografoari -besteak beste- eta haren esku jarri zuen Julio Caro Baroja bere ilobaren prestakuntza.

1935ean, ama hil zitzaion urte berean, Espainol Hizkuntzaren Errege Akademian sartu zen, "Idazlearen prestakuntza psikologikoa" izenburuko sarrera hitzaldia eginez; erantzuna Gregorio Marañón doktoreak eman zion.

1936ko uztailean, gerra zibilaren hasierak Berako Itzea etxean harrapatu zuen. Baroja, lagun mediku batekin, auzoko Doneztebe herrira inguratzen ari zen errekete talde bat ikustera irten zen, eta, taldekoren batek ezagutu zuelarik, fusilatu nahi izan zuen, "tradizioaren etsai" izateagatik. Atxilotu eta gartzelan sartu zuten. Hurrengo egunean askatu zuten eta Frantziara alde egitera erabaki zuen, gertaeren itxura ikusirik. Egia esan, Don Piok oso garbi adierazia zuen bere iritzia gai horretaz. Honela idatzi zuen 1914an : "Etika-egarri bizia dut; berezkoa, nik uste ... Egarri horrek, izaera istilutsuarekin batera, iraganaren etsai fanatiko bihurtu nau, pertsona antihistoriko, antierretoriko eta antitradizionalista, beraz (...) Antitradizionalista eta iraganaren etsai naizela esan dut eta halaxe naiz, izan, zeren eta iraganak -iragan guztiak eta bereziki espainola, gehien kezkatzen nauena ez baitzaizkit bikainak iruditzen, baizik eta beltzak, ilunak eta gizatasun gutxikoak". Erreketeekin izandako istilu hartan Baroja ezagututa, bertatik atera zuen Armadako ofiziala, gero, 1956an, jenerala zela, militar uniformez jantzita joan zen nobelagilearen hiletetara. Parisen pasa zuen Barojak gerra denborarik gehiena, unibertsitate hiriko Espainiako Ikastetxean. Aldi horretan artikulu asko idatzi zituen Buenos Airesko "La Nación" egunkarirako. Gerrako gorabeheren eraginez, Madrilgo famili etxea desegitea ere tartean, Rafael Caro Raggio, Barojaren koinatua, porrot eginik eta gaixo zegoena, oso gaizkitu zen osasunez.

Itzea

1941ean, berriro Itzean zegoela, bere memorietako lehen liburua idazten hasi zen, Desde la última vuelta del camino. 1943an Caro Raggio koinatua hil zitzaion. Dolu horri arreba Carmenena gehitu zitzaion 1949an, eta anaia Ricardorena 1953an. Pio Barojaren aldi horretako bizimodua islatua ageri da haren iloba Pio Caro Barojak Mexikon argitaratutako liburuaren izenburuan bertan : La soledad de Pío Baroja.  Julio Caro Barojak ere egin ditu bere osabaren zenbait erretratu, batez ere  Los Baroja liburuan.

Mitoak -neurri handi batean Barojari bere iritzietan erakusten zuen jarrera guztiz independientea inoiz barkatu ez ziotenek bultzatuak-, gizon triste eta zaputz bezala azaldu izan du idazlea, nahiz eta esperientziak kontrakoa frogatzen duela dirudien. Horrela, xamurtasunak eta poesiak haren bizitzaren eta obraren zati handi bat ulertarazten digute, eta hor daude, haren more sena eta bizizaletasuna ere, egia esateko, Schopenhauerren filosofiaren irakurle sutsu batengan espero litekeena baino askoz handiagoa. Julio Caro Barojak hau idatzia du horri buruz (1962): "Gure osabari buruzko idatzi gehienak irakurrita, gizon goibel eta zakarra zela usteko du edozeinek. Baina, egia esan, bere bizitzako ordu askotan eta askotan alaia izan zen; alaia, bere garaiko espainol idazleetarik inor izan denik uste ez dudan adinakoa. Etxean inork algaraz barre egin badu, era dionisiakoan, berak egin zuen. Gainerakoak nekezago, edo kutsu hotzagoarekin, egin dugu irribarre".

Geldirik egon ezina zen Baroja izaeraz. Hala aditzera ematen dute, egin zituen bidaiek ezezik, baita bere kultura prestakuntzak ere. Eta halaxe erakusten du, bai pentsamentuaren, bai historiaren, eta bai literaturaren alorretan, eskuratua, irakurria eta ikasia zeukan Itzeako liburutegiko bibliografiak. Solasa eta harremana gustukoak zituen. Madrilgo etxean etengabe izan ohi zituen hizketaldiak bai gazteekin, bai lagun zaharrekin. Bera ezagutzeko gogoa agertzen zuen edozein zen ongi hartua; Barojatar guztiena zen jokabide hori, bestalde. Bere garaiaren lekuko izan zen Barojak, behatzaile lanari beti leial, harreman eta esperientzia guztietatik hartzen zituen literatura erretratuetarako nahiz sormen lanetarako oharrak.  "Nik, egia esan, adin magiko bezala daukat gogoan -  diosku Julio Caro Barojak- osaba bere pertsonaien bila ari izaten zeneko hura: guk gizon edo emakume aski arrunt bat besterik ikusten ez genuen tokian, hark izaeraren mila ñabardura nabarmentzen zizkugun eta behaketa lanean jarraitzen zuen".  Eta ildo horretan gehitzen du Caro Barojak:  "Zerk kezkatu ohi zuen osaba nagusiki? Gizon-emakumeen masak, giroen eta sentsazioenak. Azkenean, gehienon oharkabean egon ohi den gauza bat da, baina beti nobelagintza-artearen muina izan dena".

Pio Baroja

Kezka beretsuak kide egin zituela eta, literatur historiak "98ko belaunaldiko" idazle eta intelektualen nominaren barnean sartu du Baroja, bere lagun Azorinekin eta beste bi euskal herritar seinalatu eta unibertsalekin, Ramiro de Maeztu eta Unamunorekin, batera. Hala ere, deusen gainetik bere independentziaren eta iritzi askatasunaren maitale izaki, ez zegoen eroso belaunaldiko taldean sartuta. Honela azaldu du Julio Caro Barojak: "Horregatik osaba, eszeptikoa eta etorri gutxikoa baitzen, ez zegoen eroso bere burua 98ko belaunaldian sartuta ikusirik. Osaba, sendagile arrazionalistaren, zertxobait stendhaldarraren ideiak zituelarik, bere musika gustuak eta kezka zahar ia hemezortzitarrak zeuzkalarik, eta, gainera, tonu apalari emana zelarik, alegiazko izaki mehatxatzaile eta sarkastiko bezala ageri zen bizar handi eta keinu handiko gizon handien talde haren barnean, eta bere burua defenditu nahi zuen, hainbesteko seriotasunetik aldendu".

Argitaratu zuen lehen liburua, Vidas sombrías (1900)(Bizi terraltsuak), mendearekin batera jaio zen."Liburu hau osatzen duten ipuinak Zestoako mediku nintzela idatzi nituen ia denak. Koaderno haundi bat neukan han, igoalen zerrenda idazteko erositakoa, eta, orri asko geratzen zirenez, ipuinez betetzen hasi nintzen". Lehen argitalpen horretan Baroja nobelagileak aipatzen du hiru idazle handiren narrazio obra duela gogokoena: Dickens, E.A.Poe eta Dostoievskirena. Beti aitortu zizkien beren irakaspenak. 1914an, La dama errante nobelaren Parisko Nelson etxeko argitalpenerako hitzaurrea idatzi zuenean, aipamen horiek berretsi eta zabaldu egin zituen. Ez dut sekula ezkutatu literaturan zein miresten nuen. Hauek miresten nituen eta miresten ditut: Dickens, Balzac, Poe, Dostoievski eta, orain, Stendhal". Beste lekukotasun bat eransten digu Julio Caro Barojak, Don piori interesatzen zitzaizkion kulturako sortzaile handien gainean: "Bere gizon handiak zeintzuk ziren jakitea zen gakoa. Nori gorroto izan eta nor kutuneko erabakitzen erabatekoa zen, eta arbitrarioa ere bai batzuetan. Cervantes eta Calderón bere santutegian sartzen zituen, baina Lope eta Quevedo ez. kant ohoratzen zuen, baina Hegel ez. Dickens oso begiko zuen, baina amorratzen zen (arrazoiz uste dut) ingelesek Thackerayrekin parekatu nahi izaten zutenean. Gaztetandik hitz egiten zuen bero-bero Claude Bernard-ez eta erdeinuz Charcot-ez. Eta ez zen erraza amorruen eta begikotasunen arrazoia jakiten, horretan euskaldun poeta zela uste baitut zinez, hau da: arrazoiketa luzeetarako ez zuen batere zaletasunik".

Pio Barojaren izpiritua bere liburu esanguratsuenetariko bateko hitzaurrean egindako adierazpenean islatua dago: "Ni Altzateko Jaun (La Leyenda de Jaun de Alzate) liburuaren egilea naiz, herri txikiko poeta, poeta apala, herri apal batekoa, Bidasoako herrikoa". Barojaren obra xamurtasunez eta gizatasunez jantzirikakoak egiaztatzen du idazle berezi honen poesi sena eta etika gogoa. Hala, behin batean, Donostiako Museora Regoyos pintorea lagun zuela egindako bisita batean, zuzendariak museoko urrezko liburuan sinatzeko eta sinaduraren azpian bere titulu guztiak aipatzeko eskatu zionean, hauxe idatzi zuen: "Pio Baroja, gizon umila eta ibildauna". Nobelagileak 1914an idatzitako aitorpen honetan ageri da marraztuta bere izaera: Berezkoak ditudan ezaugarri horiek -joera istilutsua, etika egarria, dinamismoa, gauzez eta ideiez jabetzeko irrika, ekintzazaletasuna, geldotasunari gorrotoa, eta etorkizunerako gogo suharra- osatzen dute nire izaera literarioaren oinarria; baldin eta literario dei badakioke horrelako izaera bati, alegia, hondo kementsu baten gainean deus baino gehiago iskanbilatsua izango litzatekeen izaera bati".

Pio Baroja

Madrilen 1956ko urriaren 30ean hil zenean -hango hilerri zibilean dago lurperatua- Julio Caro Barojak honako hau zioen telegrama bidali zion Mexikon zegoen bere anaia Piori: "Gaur hil da". Zergatik eman nion euskaraz eta ez gaztelaniaz heriotza haren berria? Barnekoagoa, arretatsuagoa, ofizialtasun gutxiagokoa, iruditu zitzaidan", dio Caro Barojak. Lagun eta jarraitzale leialen talde bat -besteak beste, Hemingway eta Camilo José Cela Nobel saridunak-, eta euskal herriko lur eskukada bat -bere Bidasoako herriak zion estimazioaren agerkari- egon ziren mende honetako idazle sakonen eta zorrotzenetariko hari lur  ematen.

© Félix Maraña

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net