2.2. Agian, Barojarengan interesatzen zaiguna ez da, hain zuzen, berak Euskal Herriaz eta euskal bizitzaz gorde zuen eritzia, ez eta haren mundu-ikuskera edo ideologia ere. Honeta, Barojarekin bat etortzea ez etortzea bezain bidezkoa dugu, jakina. Bestalde, Barojaren eritziz bestekoak berekoak baino gehiago omen dira, eritziak inoiz kontatzerik balego.
Nolanahi ere, eritzi bereko ala besteko, inork uka ezin lezakeena zera da. Barojak zeukan narratzaile-sen zorrotz eta argia: honen arabera, berak bizi, ikusi edo amesten zuen guztia, narraketa bihurtzen zen. Horretan, hots, errealitatea nobeleskoki, narrtiboki esan eta erakusteko trebetasun honetan dugu Pio Baroja maisu ukaezin eta paregabea.
Barojaren maisutza honetatik asko eta asko ikas dezakete gaurko euskal nobelagileek. Adibidez, epikotasuna, hots, errealitatearen eta literaturaren arteko harremanak epikoki begiratzeko trebetasuna: abentura bailitzan begiratzen da bizia, eta abentura, literatur bihur daiteke, eta bihurtzen da benetan.
Nobelagilerik haundienen kasuan bezala, fikzio, abentura bihurtzen da Barojak ukitzen duen guzti: gauzak eta gizakiak, tokiak eta gertakariak, paisajeak eta gizarte-giroak. Horretan dago benetako narratzailearen bizia: historiak kontatzean: bizi ahal izateko, hain zuzen, ez bakarrik idazle denez, baizik eta gizaki denez. Gauza bera zen, Brojarengan, bizitzea eta idaztea, bizitzea eta kontatzea. Eta konta-jario ezin-itzali hori eten zitzaionean, orduan bertan gertatu zen Barojaren benetako hiltzea.
Baina berak asmatu eta sorrerazitako mundu nobeleskoa –pertsonaiak nahiz abenturak- zutik dago eta osorik, eta haren indarraren argitan berpiz daiteke euskal nobelagintzaren ibilbide berria.