gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 2, astelehena
Pio Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > PIO BAROJA, GAUR ERE
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*
JesÚs M. Lasagabaster

Itzuli

Europako nobela modernoaren ereduekiko atxekitasuna





Euskal nobelaren tradizio kostunbrista hori baztertuz gero, nora jo, nobela berri baten oinarriak aurkitu eta finkatzeko, eta haren desarroilorako bide berriak zabaltzeko?

Mendebaldeko literaturetan eta, batez ere, narratiban, aldi edo garai bakoitzaren gailurra gordetzen duten korronte nagusienetara jotzen dute euskal nobelagileek, nobelaren modernotasunaz arduratzen direlarik batik bat.

Ez da honako hau arazo edo alde hori exhaustiboki aztertu eta azaltzeko garaia. Hala ere, eta nere baieztapena nolabait argitzearren, adibideren bat ematekotan, zenbait eragin edo kidetasun nagusi aipa dezakegu, orohar eta gaingiroki bada ere, gaurko euskal nobeletan edozein irakurlek maiz eta erraz nabari dezakeena, hain zuzen.

Gerra ondoan Europako eta batez ere Frantziako bizitzari eta literaturari eraso zion existentzialismoak astintzen du gure Leturiaren bizitza nekagarri eta tsipenezkoa ere.

Sartre edo Camus baten pertsonaien leinu eta odol berekoak ditugu nolabait Txillardegiren lehen eta behar bada bigarren nobelaren protagonistak. Noraezean ibilbide horiek, gorputzez eta arimaz gerrak deuseztatutako Europarenak dira, eta batere ez gure kostunbristek asmatutako Euskal herri arkadiko eta baketsuarenak.

Leturia dugu, dudarik gabe, euskal nobelaren lehen “heroe problematikoa”, zentzu moderno batetan. Bera da, euskal nobelaren protagonisten arteko lehen fedegabea: bera, bere izaera kezkatiaren eta min senda-ezinaren sendagaia eta irtenbidea bilatzerakoan, Pariseko haizeetara jotzen duen lehena. Bera, azkenik, bizitza garratz baten zentzugabetasuna ulertu ezinik, bere burua hil duen lehena. Oso inportatea den zer edo zer aldatu bide da gure artean. Leturia bezalako tipo heterodoxo horren urduria sortu ahal izateko eta gure nobelaren urbare baketsu hori iraultzeko. Zabal-zabalik irekitzen ari dira euskal nobelaren leihoak, Europako korronte ideologiko nahiz literarioen haize berri hozkara sar dakion.

Eta, Jon Miranderen Haur besoetakoa nobelaren giro bitxi eta liluragarri horri, André Gide baten unibertso sentsual eta errefinatuaren usain eta lurrina omen dario nolabait, Saizarbitoriaren hirugarren nobelak, Ene Jesus deritzanak, hain zuzen, Beckett baten unibertso hezurgabearen (aipa dezagun, esaterako, honen Malone meurt) kutsu nahasezina daraman bezalaxe.

Azkenik, zenbait nobela irakurtzean, adibidez, Lertxundiren Ajea du Urturik, edota Haranburu Altunaren Caritate, Hegoameriketako nobleagileen –García Márquez baten, esate baterako- idazlanak datozkigu gogora, nahitaez.

Ezin daitezke uka ergin horiek, ez eta gaitzetsi edo baztertu ere. Behar-beharrezkoa zitzaigun korronte berri horiekiko erlazioa eta beharbada imitazioa, euskal nobelaren superbizitzarako ezinbestekoa zen, eraberritzea oinarritu eta finkatzeko. Moderno izan nahi zuen euskal nobelak, eta behar, gaurko gizarteari adierazgarri eta onargarri –ideologiaren nahiz literaturaren aldetik- den zerbait esateko gauza izan nahi bazuen behintzat. Eta modernotasunaren bideak aipatutako puntuotatik pasa dira nonbait.

Ez gara gu izango, noski, eredu horien eragina eta, beharbada, onargarritasuna eztabaidan jarriko ditugunak. Ez naiz ni ausartuko erabakitzen azken aldi honetako euskal nobelagileek imitatzen dituzten ereduak onenak diren ala ez. Nolanahi ere, onak dira, dudarik ez, eta horrenbestez, jarraigarriak.

Mende honen erdi aldera, bere baitatik irten beharrean zegoen euskal nobela eta literatura, gainerantzeko alorretan bezelaxe, ia dena asmatua delarik, beste nobelagileek ibilitako bideari jarraitzen zaio, bere eraberritzearen oinarri sendo eta rigurosoa finkatzekoan.

Eraberritze honen ezaugarririk nabariena, erabat moderno ager mina da nere ustez. Garai horretako edozein nobelagilek guttien onartuko lukeen gaitzespena, moderno ez izatea litzateke noski: bere garaikoa, egunean egunekoa izan nahi du euskal nobelak nola edo hala eta oroz gain, eta modernotasun horren pean kokatzen da gainerako guztia.

Baldin zerbait esan badaiteke azkenaldi honetako euskal nobelagintzaz, moderno izana edo, hobeto, izan nahia da, dudarik gabe.

Oso nobela gutti idatzi da, noski, asko badirudi ere, aurreko aldikoekin erkatuz: baina, asko izan omen da, Europako eta beharbada Ameriketako nobelagintzan zehar dabiltzan baliapide berriei tokiren bat emateko: barne-bakarrizketa, ikuspegi narratiboen konbinaketa, denbora-plano desberdinen txandaketa, behaviorismoa, sinbolismoa, etab.

Kanpoan erabiltzen ari diren moda narratiboen oso ezagule onak gertatzen bide dira gure nobelagilerik gehienak, ezaguera hori pena balio duten nobelak sortzen erabiltzeko gai izan ez badira ere gehientsuenetan.

Txomin Agirre ehun bat urte lehenagoko moda bati jarraitzen zaio bere nobelagintzan; baina, esan beharra dago, oso idazle ona izan dela, hala eta guztiz ere. Munduko narratibarik gorenean gaur bertan erabiltzen ari diren teknikrik modernoenak aurki daitezke gaur egungo edozein nobelagileren edozein nobelatan, baina oso kasu gutxitan sorrerazi du nobela bikain bat ezaguera tekniko horrek.

Zergatik ote hemen salatzen ari garen egoera hau?

Nere eritziz, mekanikoegia gertatu da orohar kanpoko ereduon imitazioa, gure euskal nobelagintzaren aldetik, gure nobelaren tradizioa bereganatu, asimilatu eta integratu gabe, hain zuzen.

Baina, ba ote da euskal nobelaren tradiziorik? Zenbaterainoko tradizioa izan dezake apenas ehun bat urte baizik iraun ez duen euskal nobela bezalako mota literario batek?

Erro sendorik gabeko euskal nobelagintzari menpera-ezina gertatu zaio azken finean berez guztiz beharrezkoa azaltzen zitzaigun eraberritze hori.

 

“Intxisu-ikasle”aren leiendan antzera, ezin dute menperatu gure nobelagileek beroiek abiarazitako mugimendua. Ito-zorian dago gaurko euskal nobela, berak sortutako itsas-handiaren uholdean.

Teknikaren aldetiko inflazio bat gertatu omen da gure nobelagintzan, eta teknikakeria horrek zimeleraz ditzake euskal nobelaren muskil berriak. Horrelako nobelagintza modernoari gaur egin ekiten ari zaizkion nobelagile guztiek ematen duten inpresioa, zera da, nere eritziz: badakite nola esan, baian ez bide dakite zer esan.

Ez nuke nik epaiketa zorrotz eta urrikalgaitzegi bat egin nahi, ez eta gaurko euskal nobelagileengan dagoen on eta itxarogarririk, eta badago, jakina, baztertu ere. Nolanahi ere, guztiz etsita eta sinestuta nago autokritika dela gure jokaera kulturalak gehien falta duena edozein alorretan, literaturan ez ezik.

Behar beharrezkoa dugu teknika, zer esanik ez, etxe edo zubi bat, edota nobela bat eraikitzerakoan. Izan ere, eraiki egiten dira, bai, nobelak, eteak edo zubiak bezalaxe. Hala eta guztiz ere, tresna bat besterik ez da teknika, beste zerbaite zerbitzuan, hain zuzen. Teknika hutsaz ezin da etxerik ez nobelarik eraiki.

Dena den, ez dut esan nahi eraberritze formal eta teknikoari euskal nobelaren ateak itxi behar dizkiogunik. Inola ere ez. Baina, ezin daitezke haizean, edo hutsean, saioak edo experimentuak egin.

Experimentuen sasibideetan galtzeko arriskukan dabil bere erroak trinko finkaturik ez dituen edozein mota artistiko edo literario. Eta hori gertatu zaio nonbait euskal nobelari, gaurkotzeko ibilbideari ekin dionean.

Honen arrazoiren bal bilatzerakoan, euskal nobelaren historiara jo beharrean gaude behin eta berriro.

Gora

Itzuli

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net