gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Miércoles, 4 de diciembre de 2024
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > PIO BAROJA, TODAVÍA
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*

JesÚs M. Lasagabaster

Volver

2.4. Froma-fetitxismoren batean erortzen da maiz gaurko euskal nobela. Akats honetatik salba lezake ere Barojaren nobelak euskal nobelagintza, oker bait daude Barojak forma edo estilo-arazoak mezpretxatzen zituela edo ez zituela seriotan hartzen pentsatzen dutenak. Espainolezko estilistarik nagusienetako bat dugu Baroja trakets hori, bere estiloa erdaraz idazten duen euskaldun batena bada ere.

Oso landua azaltzen zaigu funtsean Pio Barojaren mintzaira narratiboa eta estiloa. Baina, aldi berean, tresna bat besterik ez da idazlan nobelesko osoaren zerbitzuan sartu behar duena, hain zuzen. Eta nobelaren azken helburua, literaturarena bezalaxe, bestalde, semantikoa dugu, ez estilistiko hutsa. Guztiz argi ikusi zuen Barojak alde hau bere nobelari buruzko saio teorikoetan, eta guztion eredu izateko moduan gorde zuen bere nobeletan.

Barojaren alde honen euskal nobelagintzarako ikasbidea, hauxe da: teknikaren balio soil-soilki instrumentala berreskkuratzea.

Nobelaren historian benetako iraultza finkatu eta sorrerazi duten idazlanetan, “historia” (fikzioa) eta mundu-ikuskera baten zerbitzuan egon da beti teknika, Don Quijote-tik hasi eta Cien años de soledad arte, Joyceren Ulysses-etik pasatuz.

Egia hori maizegi ahaztu dutelarik gure nobelagileek, Baroja datorkiguke berriro ere eredu eta jarraibide, teknikaren eta estiloaren zinezko tokia eta zeregina gogorazten dizkigularik.

Teknikak eta forma-arazoak baztertzen ez, erlatibizatzen baizik irakasten digu Barojak; hots, nobelan nagusia den alde semantikoaren oinarrizko laguntzailea izan behar du funtsean forma-arazo honek. Ez dugu ahaztu behar noski, literaturan funtzio erreferentziala pertinentea ez delarik, edozein mailatako edozein elementu alde semantikoari dagokiola, nola edo hala: literaturak berezi duen semantika konnotatiboari, hain zuzen.

Onar ditzake, eta onartu behar ditu gaurko euskal nobelagintzak beste nobelagintzetan erabiltzen ari diren teknika eta baliapide narratibo berriak. Baina, nolanahi ere, unibertso nobelesko jator eta bizi baten zerbitzuari dagozkion neurrian. Ezin da teknika hutsaz nobela bat sortu. Esateko ezer interesgarririk ez duen nobelagileak isildu egin behar du, dudarik gabe. Isildu, eta bere teknikeria eta gainerako beste momentu hobe batetarako utzi.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net