gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Miércoles, 4 de diciembre de 2024
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > PIO BAROJA, TODAVÍA
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*

JesÚs M. Lasagabaster

Volver

2.3. Gure literaturaren, eta batez ere, gure nobelaren alderik kezkagarrienetako bat, idazleen edo nobelagileen urritasuna ez ezik, irakurlego baten existentzia edo egoera guztiz problematikoa da, dudarik gabe. Nork irakurtzen du euskarazko liburua? Eta “nor”galdetze honetan ez dugu nahi bakarrik asko ala gutti diren jakitea, baizik zernolakoa den gaurko euskal literaturaren irakurle arrunta. Oker ez banago, ausartuko nintzateke esaten gure euskal literatura, gure nobela ez dela herrikoia, zenbait salbuespen gorabehera.

Herrikoi izateak ez du esan nahi, jakina, aro baten kultur eta literatur eskabideak ez betetzea, ez eta inola ere hizkuntza irakaskuntzaren zerbitzuan egotea. Idatzitako literatura herrikoi batek baditu bere barneko lege eta eskabideak, bere izaera literarioari dagozkionak, hain zuzen, eta, bestalde, eskabide sozialekin guztiz ongi konpon daitezkeenak.

Literatura ezin daiteke euskalduntzeko plangintza baten alde praktikoa balitz bezala bakarrik ikus. Ezin da ere herrikoitasuna eta popularismoa elkarrekin nahastu. Literatura baten izaera herrikoia mugatzen duten elementuak bai sortzean, bai eta irakukrtzean aurkitu behar dira.

Baldin herrikoiak ez badira Saizarbitoria edo Txillardegiren azken nobelak –Ene Jesus eta Haizeaz bestaldetik-, edota Atxagarenak, “popularista” gertatu dira nonbait Gereñorenak, euskal nobelari irtenbide herrikoi garrantzitsu bat irekitzeko gai izango ez direnak, hain zuzen. Bi nobela-mota hauen artean dagoen hutsune zabala inork ez du oraindik betetzen. Hemen ere laguntzaile eta maisu datorkigu gure Pio Baroja. Berak, inork ez bezala, asmatu zuen bere garaiko nobela herrikoiaren –“folletín” edo “por entregas” delako nobelaren- elementu probetxagarriak jaso eta bere nobelaren textuinguruan osagai nagusitzat kokatzen. Norbaitek esan duenez, “un folletinista con ideas” izan zen Baroja, hots, folletinaren elementu narratibo biziak onartu zituena, haren arruntkerian erori gabe, gehienetan behintzat.

Gaurko euskal polizi nobela omen da euskal nobelagintzan nobela-mota herrikoi bat sarreraztearen adibiderik nabariena. Badaude beste motak, eta badago, batez ere, benetako herrikoitasun literarioaren oinarririk jatorrena finka dezakeen osagai ukaezina: herriaren experientziarekiko lotura, haren izaera eta izan-nahiarekiko sintonizatze literarioa. Horretarako, nobelagileak ez ditu nobela eraberritzea edo teknika berriak baztertu behar, adibiderik argiena, Hegoameriketako nobelagileak dira. Aberasgarri eta eraberritzaile izan da beti, literaturan batez ere, herriarekiko benetako atxekidura eta elkartasuna.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net