gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Miércoles, 4 de diciembre de 2024
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > PIO BAROJA, TODAVÍA
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*

JesÚs M. Lasagabaster

Volver

2.1. Barojak, beste inork ez bezala adierazi du euskal bizitza, euskal gizarte-giroa eta paisajea. Inork ez du Barojak sortutako euskal tipoen sorta aberats eta “errepresentatibo”rik: Mari Belcha-gandik hasi eta Aviraneta-ganaino, Barojaren nobeletan zehar azaltzen zaizkigun euskal pertsonaiek berekin daramatzate, beren euskal izatera ez ezik, bai Barojaren Euskal Herriaren bizitza eta oroitzapen kolektiboa, bai Barojaren Euskal Herriarekiko maitasuna eta grina. Askok partekatuko ez duena, noski: behar bada, gehientsuenak. Baina, nor ausartuko litzateke esaten Barojaren Euskal Herriaganako jokabidea berea bezain bidezko eta onargarria ez dena?

Nolanahi ere, ukaezina da Barojarengan aurki daitekeela literaturak euskal giza eta gizarte-bizitzari inoiz eskaini dion errainu eta irudi zehatz eta bizia.

Hemen, hain zuzen, kokatu behar da, nere ustez, gaurko euskal nobelari Barojak eman diezaiokeen ikasbide nagusia.

“Baroja hil ondoan” zeritzan oso artikulu polit eta interesgarri batean, Mitxelenak esana datorkit gogora:

“Euskal idazleoi ere eskaintzen digu zerbait Barojak. Gure lurraldea inork gutxik bezala ikusi du, aurrenik: Pierre Loti eta, beste gisara, Lizardi kenduz gero, nor aldera lekioke?”.

Literatura orotan nobela dugu, dudarik gabe, herri-gorabehera eta gizarte-bizitzaren itxurapenik aberatsen eta sakonenetakoa. Ez, jakina, dokumentala eta historikoa, poetikoa eta mitikoa baizik. Nobela dugu, nik uste, gizarte modernoaren mitologiaren formarik nabarien eta garrantzitsuenetakoa.

Gure kasuari bagagozkio, ostera, nekez esan genezake euskal nobelak Euskal Herriaren gorabeherak eta gertakariak adierazten dituenik, oso kasu bakanetan izan ezik.

Hor dago, beraz, gure gizarte-bizitza, gure experientzia kolektiboa, euskal idazleek eta batez ere euskal nobelagileek eman liezaioketen literaturazko bizi mitiko eta poetiko horren zain.

Ezin da, jakina, literatura eta batez ere nobela errealitateari buruzko dokumentu hutsa balitz bezala hartu. Errealismo arrunt baten ikuspegi motza gainditu behar dugu, literaturari eta nobelari toki zabal eta berezia prestatu nahi baldin badiogu. Baina, errealitatetik abiatu da beti, nola edo hala, munduan izan den nobelistika nagusia. Horrenbestez, gure giza eta gizarte-bizitza izan daiteke, eta izan behar du gure nobelagintzarako abiapuntu sakon, zabal eta oparoa.

Hor daukagu, ikasbide bizi eta probetxagarri, Barojak egina, Barojaren garaian, Barojaren mintzairan, eta, behar bada, Barojaren gisara egina, noski.

Guk, orain, oraingo errealitatetik datorkigun aupadari erantzu behar diogu, gure mintzairaz eta modura, jakina. Baian guztiz desiragarria da, Barojak agertu eta erakutsi zituen sakontasunaz, maitasunaz, eta, beharbada, trebetasunaz egin ahal izatea.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net