gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Miércoles, 4 de diciembre de 2024
Baroja
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > PIO BAROJA, TODAVÍA
PÍO BAROJAREN NOBELAGINTZA ETA EUSKAL NOBELAREN ETORKIZUNA*

JesÚs M. Lasagabaster

Volver

Aldi errealistarik eza





Goian esan dugunez, mende honen erdirarte ohiturazkoa edo kostunbrista izan da euskal literaturan nagusitu den nobela-mota. Eta honen arauak ikertzerakoan, Espainian errealismoaren aurretik sortzen den literatura kostunbrista aipatu beharko genuke, hots, Erromantizismoaren fruiturik nabarienetakoa.

Nobela historikoaz aparte, ez zuen Erromantizismoak nobelaren eremuan ondorio garrantziturik duen ezer sorrerazi, beste motetan –adibidez, lirikan edo dramatikan- sorrerazi zuen bezalakorik.

Errealismoaren eta naturalismoaren garaian –hemeretzigarren mendearen bigarren erdian, gutxi gora-behera- finkatuko du nobelak bere nortasun literario eta semantikoa, eta, gainera, bere narotasun eta betetasuna.

Nobela modernoaren sorrera oinarritzen duten erro errealistek –aipa dezagun, esate baterako, Don Quijote eta nobela pikareska- gero eta indar handiago dute errealismo garaian. Nobelaren erro errealista hori adierazten duen formulaziorik argien eta onargarriena Stendhal-ek emandakoa dugu dudarik gabe: Nobela da “bidean zehar ibil erazten den ispilua”.

Eta, benetan, nobelaren bidez adierazten ditu, adierazi, Europako hemeretzigarren mendearen bigarren erdiko gizarteak bere bizitza eta bere gorabeherak. Dickens, Balzac, edo beharbada, Galdós-en idazlanetan gelditu zaigu Inalaterra, Frantzia eta Espainiako gizarte bizitzazko dokumenturik adierazgarrein eta argienetakoa.

Errealismo indartu ditu behin eta betiko nobelaren erroak eta nortasuna, bai literaturaren aldetik, bai eta nobelaren eta errealitatearen arteko lotura estuari dagokionez ere.

Errealismoaren experientziak finkatu eta indarturik, jasan dezake nobelak hogeigarren mendearen hasieran –“hogei” urteen inguruan- gertatzen den iraultza nobelesko delakoa: Joyce, Faulkner edo Virginia Woolf batek nobelagintzaren eremuan sartzen dituzten eraberritze teknikoek ez dute inola ere nobela errealista deusestatzen>. Aitzitik, aberastu egiten dute, erroak errealismoaren lur oparoan bortizki finkaturik dituenez gero.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dira errealismoaren heriotza, nobelaren krisia, edo, arau erreallistetatik hain urrunduta dabilen gaurko zenbait nobela-korronte adierazterakoan, “antinobela”.

Hala ere, nobela berpiztu egiten da behin eta berriro bere hautsetatik, Fenix hegaztia bezalaxe, bere sorburu errealistarekin lotzen duen zilbor-hestetik bizi-jarraipenerako arnasa eta kemen berria hartuz.

Gizakia, gizaki deino, bere buruari giza-bizi eta gorabeherak kontatu beharrean gertatuko da, nahitaez, eta nobelak idazteari ekingo dio, nobela, Hegelek dioenez, aldi burgesaren espopeia delarik.

Horrexegatik, nahiz eta experimentalismorik abangoardistenean murgildu, giza eta gizarte-experientzia eta nondik norakoa kontatzen ari zaigu nobela funtsean, nola edo hala.

Baina, mendebaldeko literatura nagusientzat baliagarri azaltzen zaigun planteamendu hori, ezin dakioke euskal nobelaren historia aplika, gure historia eta desarroilo literarioa horren berezi eta “atipiko”ak izan direlarik.

Euskal nobela ez da errealismoaren experientziatik igaro, alegi; erromantizismo garaiko ereduen arabera egina zegoen nobela kostunbrista batetatik, modernotasunera pasa gara, ia ziplo eta bitartekotasunik gabe.

Agirreren Kresala (1906) eta Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (1969) nobelaren arteko tarte literarioa, adibideren bat ematekotan, Espainako literaturan, Peredaren Sotileza (1884) eta Goytisoloren Señas de identidad (1966) nobelen artekoa bezalakoa da, gutxi gorabehera.

Baina, Espainiako nobelaren kasuan, tarte kronologiko hori betetzen duen nobelaren historia zeharko korronte edo mugimenduak marratzerakoan, aipa ditzakegu, adibidez: errealismoaren garaldia, eta naturalismoa, 98’ko belaunaldia, eta nobelari dagokionez, Baroja, bereziki, hurrengo belanauldian, 27koan, hain zuzen, eta nobelaren alorean, Miró, Pérez de Ayala, Jarnés, etab. Gero, gerra aurreko nobela soziala eta, gerra ondoko nobelari dagokionez, Sobejanok emandako klasifikapenari jarraitzen badiogu, aipatu beharrak ditugu nobela existenziala, nobela soziala, eta 70. Urteen inguruan, estrukturala deritzan nobelaren lehen desarroiloa.

Bitarte bereko euskal nobelan, beriz, ia ez dugu bilakaerarik. Bada, izan, nobelagile eta nobela-mordotxo bat, oso garrantzitsua kopuruz, kalitatez ez bada ere. Baina, ohiturazko nobelak beterik dauka funtsean bitarte horren zatirik handiena, Txillardegi arte, inguruko literaturetan aurki daitekeen bilakaera aberats eta mugikorra inola ere ez izanik.

Euskal nobelaren berezitasun hori izugarrizko urritasun gertatzen da azkenik, eta zoritxarrez; berezia izate hori bizpahiru ezaugarri nagusitara laburtzekotan, honako hauek aipatuko nituzke:

  • Euskal nobelagintza ez da errealismoaren experientziatik pasa.
  • Erromantizismoan nolabait oinarritua zegoen nobela-mota batetik –hots, ohiturazko nobelatik- modernotasunera pasa behar izan du euskal nobelak, bitartekotasunik gabe.
  • Kanpoko ereduak ezin izan zaizkio aurreko tradizioari txertatu nobelaren eremuan benetako tradiziorik ia ez delarik. Horrenbeste, euskal nobelagintza eraberritzeko saiatze hori, asimilazio aberasgarri eta emankorra baino gehiago izan da imitazio mekanikoa.
  • Jokaera honen ondorioz, irtenezin batean aurkitzen da egungo euskal nobela, nere ustez, gure literaturaren egoera, problematikoari kalte egiten ari zaizkion arazoei erantsi behar zaiena, hain zuzen.

Zernolako irtenbidea proposa liteke, euskal nobelagintzaren etorkizunerako bide zabal eta ibilgarri bat ireki ahal izateko?

Galdera honen erantzuna bilatzerakoan, hasierako tesi nagusia berresan beharrean gaude: Barojagandik pasa beharko luke euskal nobelaren etorkizunerako bide berri horrek.

Arriba

Volver

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net