Mende honen erdiarte –Txillardegiren lehen nobelaren urtea, 1957a har genezak mugarritzat-, euskal nobelaren ezaugarririk nabarienetako bat, Europako nobelagintzarekiko desoreka eta haustura da, dudarik gabe, Etxeita eta Txomin Agirregandik hasi eta Anabitarte edo behar bada Erkiagaganaino, bai kontatzeko baliapideei dagokienez, bai eta nobelaren bidez azaltzen den errealitatearekiko jarreraz eta mundu ikuskeraz ere.
Izan ere, euskal nobelaren lehen aldian nagusitzen den kostunbrismo horren oinarri historiko eta literarioa bilakatzekotan, Erromantizismo garaian desarroilatzen den ohiturazko literaturara jo beharko genuke, nobela errealistara baino gehiago Fernán Caballero edo Pereda, nobelarik kostunbristena, hain zuzen, dira eredu, eta ez Galdós, ez eta Baroja ere.
Eta Erromantizismoaren epigono batengana joko du Txomin Agirrek, nobela historiko bat idazteari ekiten dionean. Alegia, Auñemendiko lorea nobelaren ereduren bat aipatzekotan, Navarro Villosladaren Amaya aipatu behar, eta ez, noski, Galdósen Episodios Nacionales direlakoak.
Mende bateko desorekaz abiatu da beraz, eta desarroilatu gaurdaino euskal nobela, funtsean.
Atzerapen hori desegitea edo bederen guttitzea izan da mende honen berrogei eta hamar urteen inguruan sortzen den eraberritze literarioaren ahaleginik zorrotz eta indartsuena, euskal nobela Europako nobelagintzari gero eta gehiago hurbil zekion, teknikaren nahiz mundu ikuskeraren aldetik.
Txillardei baino lehenagoko zenbait nobelagilek saiatu du beste nobela-mota: esta baterako, Loidik polizi nobelaren lerrotik abiarazten du euskal nobelagintza, bere Amabost egun Urgainen nobelaz. Jon Etxaideren Joanak joan nobelan erakusten zaigun gorroto, maltzurkeria eta grina handiko mundu garratz eta gogor horrek ez du marratzen aurreko nobelaren koordenada eta oinarri ideologikoekiko etendurarik. Baina errealitateari buruzko kostunbrismoaren ikuspegi idiliko eta idealista hura, gero eta ezinago gertatzen da agian.
Halaz ere, Loidi nahiz Etxaide ez dira nobela-aldi berri baten sortzaileak, aurreko aldiaren zikloa hersten duen mugarria baizik. Agian, nobelagile-mordo batek jarraitzen dio Loidik irekitako polizi-nobelaren bideari: aipa ditzagun, adibidez, Izeta, Peillen, Gereño, Garate...
Dena dela, bi egile horien idazlanean guztiz argi erakusten zaiguna zera da. Ordurarte lantzen ari zen kostunbrismoarekiko asperketa eta haren irtenezina. Hildo berri batetik abiatu behar zuen euskal nobelak, nahitaez, garai hartako Europan nagusi ziren gizarte-eredu literarioekiko desoreka gaindituko bazuen. Eta, batez ere, euskal irakurlegoaren behar eta usteei erantzun baliagarri eta gaurkotu bat emango bazion.
Bilakaera edo aldakuntza literario orotan gertatzen den bezala, aurreko nobelaren aurkako erreakzio gisa –inplizitoa bada ere, gehienetan- kontsidera daiteke garai horretan sortu eta desarroilatzen den nobelaren eraberritzea.
Leturiaren eta Joanes artzainaren artean dagoen izugarrizko giza-tartea bera nabari daiteke ohiturazko nobelaren eta Txillardegirekin hasten den nobela berriaren artean, ideologi nahiz literatur mailan.
Aurreko nobelaren mundu-ikuskera oinarritzen zuen “ortodoxia”ren aldean, “heterodoxo” pilo bat –Txillardegi, Krutwig, Mirande, Aresti...- sartzen zaigu euskal literaturaren eta batez ere euskal nobelaren larre bareetan, larratu eta larrarazteko asmo gogorrez. Baina, onartu beharrean gaude horrelako “heterodoxo”en eskuz sartu dela modernotasunean euskal literatura.
Guri hemen gehien interesatzen zaiguna zera da: nobelaren eraberritze literarioaren oinarria eta zentzua mugatu eta finkatzen dituzten erizpideak.
Erizpiderik nagusiena, beste guztien oinarria, hain zuzen, hau da, nere ustez: euskal nobela gaurkotu nahia eta horretan ahalegindu nahia.
Baina nobela gaurkotu behar eta irrika horrek literaturari berari buruzko asmatze berri batean finkatzen ditu bere erro teorikoak: hots, erakunde edo instituzio literarioaren gizarte-estatuto berrian, eta horretatik datorren literatur-sortzearen funtzio eta egitekoan. Aurreko aroan, literaturatik kanpo zuen zabaltzean egongo da gehienetan gure nobelen ezaugarririk nabariena. Hemendik sortzen da eta bertotik azal daiteke aldi horretan zehar gertatzen den ohiturazko nobelaren nagusitasuna: euskal izaera –hots, euskara, euskal gizabidea eta fedea- jator eta garbienik bizi eta azaltzen diren tokiak nobelaren bidez erakutsi, ager-arazi eta goratzea. Horretarako bide baliagarri eta irakurlegoarentzat hurbil-erraza, gertatzen da ohiturazko nobela, gure nobelagileen ustez. Txomin Agirreren bi nobelarik ezagunenak izan daitezke dudarik gabe nobela-mota honen paradigma edo eredurik argienak: Garoa eta Kresala, hots, lurbareneko eta itsasaldeko bizitza jatorraren irudi baketsua eta laudorio baldin-gabea.
Ez dago zer aipatu, nobela mota honen alde didaktiko eta moralizatzailea.
Horrenbestez, berez literarioak ez diren balio edo legeei –linguistiko nahiz etnikoei, nahiz eta ere moralei- datxekie ertsiki nobela, bere autonomia literarioa galduz, edo, guttienez, arbuiatuz nonbait.
Euskal nobelak, nobela denez, bere izaera, funtsa eta eskubide artistikoak, literarioak, berreskukratu behar ditu. Berreskuratze honetarako bidea bi puntu hauetatik pasako da: bata, errealitatearekiko sintonizatze berria da eta, bigarena, errealitate berri hori nobeleskoki erakusterakoan, Europako nobelagintzan erabiltzen ari diren baliapide narratiboak eratxekitzea.
Hortaz, ohiturazko nobelaren aurkako euskal nobela modernoaren eraberritze honek bi alde ditu, hain zuzen: lehena, ideologikoa, nobelaren bidez ematen den mundu-ikuskerari dagokiona: bigarrena, nobela egitura literario bat denez gero, haren barneko lege narratiboei datxekiena.
Agirre, Etxeita edo Anabitarte batek Euskal Herriari buruz emandako ikuskera ez da inolaz ere baliagarri izango euskal nobela modernoaren sortzea eta desarroiloa finkatu eta indartzen duten nobelagile berrientzat: Txillardegi, Mirande, Saizarbitoriarentzat.
Ohiturazko nobelak azaldu duen lurbarren edo itsasaldeko bizitza idiliko honek ez dezak inolaz ere adieraz belaunaldi gazteak duen Euskal Herriari buruzko arazoen kontzientzia berria, eta are gutxiago arazoon aldean, martxan jarri nahiko lituzkeen alternatiba politiko, ideologiko eta kulturalak.
Euskal errealitate eta arazoen kontzientzia berri hori bizi eta erakusteko gai izan daitezkeen nobela-pertsonaiak ez dira inondik ere Garoa nobelaren mundu baketsu eta idilikoan zehar bere gizatasun jator eta eztia plazaratzen duen artzain zahar dohatsua. Ez, noski, Etxeitaren nobelen protagonistak, atzerriko lan-egile gogor eta bizitza garratza eramaten dutenak, hain zuzen, herri-minak eta iztul-irrikak finkaturik. Ez eta Txomin gaztea, Anabitarteren Donostia nobelako protagonista alaia ere.
Guztiz alderantziz, Leturia batek ezagutaraziko digu argi eta garbi, bere existentzialismo agnostiko eta etsigarria dela medio, mundu-ikuskera berri hori. Edo, Miranderen Haur besoetakoa nobelan, Frantziako zenbait nobelagileren kuktsu liriko eta sentsualen bat dakarkiguten pertsonaia liluragarriek. Edo, batez ere, Saizarbitoriaren Ehun metro nobela laburrean, Donostiako Konstituzio-plazan erotzen den militanteak, poliziak tiroz josita. Hauek bai, adierazgarri eta egiantzekoak dira herri baten edo gizarte-talde baten abentura norberaren abenturan isladatzen delarik.
Eta guztiok beren norberetasun bereziaren gainetik duten izaera problematikoari usain sarkor eta kutsu nahastu-ezin bat dario, modernotasunaren aztarren garbia daramana nolabait.
Baldin nobela-motaren ezaugarririk nabarienetako bat problematikotasuna bada –eta bat datoz horretaz nobelaren teoria eta soziologia, Hegelengandik hasi eta Lukács eta Goldmannenganaino-, kostunbrismoa ez da nobeleskoa, antinobeleskoa baizik.
Kostunbrismoak lauki edo irudi estatiko bat balitz bezala begiztatzen du errealitatea, honen mugikortasun dialektikoa deuseztatuz, eta, horrenbestez, benetako konfliktoen posiblilitatea aldenduz. Esate baterako, Espainiako nobelaren kasuan, gaurko historigileek diotenez –Montesinosek edo Ferrerasek-, eragozpen eta oztopo izan da kostunbrismoa, nobela errealistaren sorrerantzat.
Nahiz eta euskal nobelagintzaren egoera eta jokabidea guztiz desberdina izan, Txillardegirekin sortzen den “heroe problematiko” horrek adieraz diezaguke zernolako garrantzia izan duen euskal nobela modernoaren sortzean kostunbrismoaren aurkako erreakzioak.